oinarriak 2017

1. Haurrei zuzenduriko album ilustratuak aurkeztu ahal izanen dira sari honetara. Album ilustratu bezala ulertzen dira testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak.

2. Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izanen dira. Ez da onartuko beste inondik moldatutako lanik, ezta aurretik saririk jaso duenik ere.

3. Lehiaketan honela parte hartu daiteke: bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean. Egileek nahi beste lan aurkez ditzakete.

4. Formatua librea da, baina lanak ez dira 20 cm x 21cm baino txikiagoak izanen, eta gutxienez 15 orrialde bikoitz izanen dituzte (bakarrik kontuan hartuko dira barneko orrialdeak). Testuek ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko (zuriuneak barne).

5. Sari hau azken lau deialdietako batean jaso duten idazleen edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dira, nahiz eta arestian aipatutako baldintzak bete.

6. Lehiaketan parte hartzen duten egileek albumaren maketa aurkeztu beharko dute, hau da, azken bertsioa inprimatuta, bukatutako albumean agertuko liratekeen testu zein ilustrazioekin. Ez da maketa koadernatu beharrik, nahikoa da maketa modu xume batez jostearekin (grapekin, uztaiekin, espiralarekin e. a.). Horretaz gain, maketaren kopia bat bidali beharko dute: pdf formatuan, lan osoa fitxategi bakarrean. Kopia pendrive batean entregatuko dute (aholkatzen da fitxategiek ez izatea 10 mega baino gehiago). Albumaren testua ere aurkeztu beharko dute, word formatuan (pendrivean sartu beharko dute). Egileek nahi badute, irudi originalak bidal ditzakete epaimahaikideek jatorrizko lana ikus dezaten.

7. Lanak izengoitiaz izenpeturik egongo dira. Lanarekin batera gutun-azal itxi bat aurkeztuko da, kanpoko aldean lanaren titulua eta egilearen goitizena izango dituena eta barruan egilea edo egileen datuak: izen-abizenak, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa, NANaren edota pasaportearen fotokopia eta egilearen aipamen bio-bibliografikoa.

8. Lanak helbide honetara bidaliko dira: ETXEPARE SARIA, Leitzako Udala-Euskara Zerbitzua, Elbarren 1, 31880 Leitza (Nafarroa).

9. Originalak aurkezteko epea 2017ko maiatzaren 19an itxiko da. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna 2017ko ekainaren 30a izanen da.

10. Epaimahaia haur literaturan eta ilustrazioan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta udal eta mankomunitate antolatzaileek izendatuko dute. Udal eta mankomunitate antolatzaileetako teknikari batek idazkari lanak eginen ditu (hitza izanen du, baina ez botorik). Pamielak izendatutako pertsonak egon daitezke epaimahaiak egiten dituen bilkuretan (hitza izanen dute, baina ez botorik). Ez da saririk emanen epaimahaiaren iritziz gutxieneko kalitateko lanik ez badago. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izanen da.

11. Sari bakarra emango da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan. Zergen atxikipena indarrean dagoen legediari jarraiki eginen da.

12. Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, eta argitalpenean Etxepare sariaren aipamena eginen da.

13. Saria eman eta hilabeteko epean originalak itzuliko zaizkio eskatzen dituenari. Epe hori igarota, eskatzen ez diren lanak suntsitu egingo dira.

14. Oinarri hauetan zehaztu gabeko zalantzaren bat agertzen bada, epaimahaiak argituko du eta hark egiten ez badu udal eta mankomunitate antolatzaileek erabakiko dute. Sari honetan parte hartzeak oinarri hauek ezagutzea eta onartzea dakar.

Antolatzaileak:

Agoizko Udala; Antsoaingo Udala; Atarrabiako Udala; Barañaingo Udala; Baztango Udala; Berriobeitiko Udala; Berriozarko Udala; Bortzirietako Euskara Mankomunitatea; Burlatako Udala; Esteribarko Udala; Garesko Udala; Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea; Estella-Lizarrako Udala; Malerrekako Mankomunitatea; Sakanako Mankomunitatea; Tafallako Udala; Uharteko Udala; Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak eta Zizur Nagusiko Udalaren Kultur Patronatua.

Laguntzailea:

Pamiela

info@etxeparesaria.eus Aldor Internetek garatutako webgunea