Egileek Biko-Teka tailerrean ezagutu zuten elkar, eta horri esker sortu zuten albuma. Galtzagorrik eta Iruñeko Udalak elkarlanean antolatzen duten Biko-Teka tailerrean ereindako hazien uzta jasotzen ari dira sortzaileak eta antolatzaileak. Izan ere, hirugarren urtea da lan sariduna Biko-Tekan ondu dela.
Edizio honetan 23 lan aurkeztu dira, inoizko kopururik handiena.
Iturralde eta Usandizagaren lanak bi protagonista nagusi ditu, etxean arauak jartzera ohituta dagoen aitatxi euskaldun eta moderno bat, eta horren egunerokotasuna eta errutina hankaz gora jartzen duen iloba txikia.
Asier Iturralde donostiarra da, eta Arte Ederretan lizentziaduna. Irudigilea eta diseinatzaile grafikoa ere bada. 2017an Studio Gastón sortu zuen. Aintzane Usandizaga Lasarte-Oriakoa da, eta Artearen Historian lizentziaduna. Aurten Kabitu ezina izenburuko liburua argitaratu du Elkar argitaletxearekin.