BIKO-TEKA 2023an idazle eta ilustratzaileak elkarrekin lanean jarriko ditugu berriz ere: liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko da zazpigarren edizio honetan. Harkaitz Cano idazleak eta Aitziber Alonso ilustratzaileak gidatuko dute lantegia.
Zazpigarren lantegi honetara Garazi Arrula editorea eta Asun Agiriano bibliotekaria gonbidatu ditugu. Bi aditu hauen eskutik euskal album ilustratuen edizioa eta euskarazko albumen irakurleen esperientzia ezagutuko ditugu bertatik bertara.
Lekua: Iruñeko Kondestable Jauregian (Kale Nagusia, 2. 31001 Iruñea).
Lantegi honetan ilustratzaile eta idazleek bikoteka parte hartuko dute. Interesatuta dauden idazle eta ilustratzaileak bakarka edo bikoteka aurkeztu daitezke. Bakarka aurkezten direnei bikotea aurkituko diegu. Guztira, 8 bikote onartuko dira eta horiek lantegiko formazioa jasotzeko beka bana eskuratuko dute.
Dokumentazioa e-mail bidez bidali beharko dute helbide honetara: administrazioa@ibbygaltzagorri.eus
Interesaturik baldin bazaude, abenduaren 2a da beharrezko dokumentazioa aurkezteko azken eguna: idazleek idazlan labur bat aurkeztu behar dute; ilustratzaileek 3 ilustrazio; bikoteek proiektuaren zirriborro bat. Horrez gain, curriculuma eta NANaren kopia. Hautagaien artean egile berriak lehenetsiko dira.