Iñaki Zubeldia idazlearen eta Estibaliz Jalón ilustratzailearen Katalina txitxarra egitasmoa izan da haurrentzako albumak sortzeko III. Etxepare beka irabazi duen lana

Patxi Zubizarreta, Arrate Egaña, Mikel Valverde eta Aitziber Alonsok osatu dute epaimahaia eta irabazle aukeratu duten proiektuari buruz (17 izan dira guztira aurkeztutako egitasmoak) honakoa nabarmendu zuten: “Testuaren eta ilustrazioaren arteko oreka eta egokitasuna handia da, eta benetan aparta da ilustratzailearen lana. Gauzen edo izakien jatorriari buruzko ipuinen tradizioan kokatua dago, oraingo honetan zomorroen ezaugarrietan oinarritua: nondik nora datorkien kolorea katalingorriei edo tximeletei. Albumei dagokien laburtasunean, hala ere, badu intrigarik, matxinsaltoak ez baitu berezitasunik, harik eta amaieran konponbide egokia ematen zaion arte”.

Egileek 6.000 euroko saria jasoko dute egile eskubideen aurrerapen gisa. Bekaren diru-kopuruaren erdia orain jasoko dute irabazleek eta beste erdia album amaitua entregatu eta epaimahaiak onespena emandakoan.