Joxean Ormazabal idazleak eta Iraia Okina ilustratzaileak Uharten aurkeztu dute Zirkua amets liburua. Lan hau egiteko egileek haurrendako albumak sortzeko II. Etxepare beka eskuratu zuten, 6.000 eurokoa. Beka deialdi horretara 18 lan aurkeztu ziren guztira.

Epaimahia Manu López Gaseni, Elena Odriozola, Agurtzane Villate eta Xabier Etxanizek osatu zuten. Epaimahaiaren esanetan, “Liburuak maisuki heltzen dio haurraren beldurren gaiari eta, gainera, bere egitura borobila ere aipagarria da. Irudiei dagokienez, nabarmenena zera da: minimalismoaren bidez eta kolore-paleta murriztua erabiliz, ipuinaren unibertso onirikoa ederki islatu izana”.

Zazpi urtetik gorako haurrentzako egokia, liburua Pamielak argitaratu du euskaraz eta Faktoria K de libros argitaletxeak gaztelaniaz (Sueños de Circo) zein galegoz (Soños de circo).

Liburuaren aurkezpenean, egileekin batera izan ziren Xanti Kirogoa Uharteko euskara zinegotzia antolatzaileak diren toki entitateen izenean eta Pello Elzaburu Pamielako editorea.