Leire Salaberria ilustratzaileak irabazi du haurrentzako albumak sortzeko Etxepare saria. 5.000 euro jasoko ditu Hiltzaileak lanagatik eta Pamiela argitaletxeak argitaratuko du udazkenean. Salaberriak Euria ari duenean liburuarekin jaso zuen Etxepare saria 2011n; hortaz, saria jasotzen duen bigarren aldia da.

Epaimahaiak azpimarratu du egileak beldurra eta egonezina sentiarazteko gai den narrazioa eraiki duela —eta hori ez da oso ohikoa gaur egungo haur literaturan oro har eta, zehazkiago, albumetan—. Nolanahi ere, bukaeran irribarrea pizten du halako alkimia baten bitartez.