Pamiela argitaletxeak, Etxepare saria antolatzen duten toki-entitateetako ordezkariekin batera, 2018ko Etxepare sariko irabazlea izandako Cosimoren katiuskak liburua aurkeztu du. Dani Martirenak idatzi eta Ana Ibañezek ilustratutako bilduma gailendu zen Nafarroako euskara zerbitzuek antolatzen duten lehiaketara aurkeztu ziren 19 lanen artean.

Lan “indartsua” dela adierazi du epaimahaiak, bai marrazkiei bai testuari dagokionez. “Teknikoki ausarta, guztiak du zeresana, eta horregatik eskaintzen du irakurketa ugari; arriskatzen duen obra bat da, euskal idazle eta ilustratzaileen maila ondo baino hobeto erakusten duena”.

Dani Martirena, Legasan jaioa, kazetaria ogibidez, azken urteotan Euskal Irrati Telebistako albistegietan ari da erredaktore. Ana Ibañez, Iruñean jaioa, Arte Ederretan lizentziaduna da eskultura alorrean. Halaber, grabatu eta estanpazio teknikak ikasi zituen Iruñeko Arte Eskolan.