Etxepare saria aurten eman gabe uztea erabaki dute epaimahaikideek. Nafarroako 22 toki-entitatek sortutako sariketa da eta hamasei urtez egin izan da. Aurtengo edizioan, 26 lan aurkeztu dira.

2006. urteaz gero, Etxepare saria haurrentzako album ilustratuak sortzeko lehiaketa errotua bezain entzutetsua dugu, irakurria bezain ikusia, ukitua bezain gozatua.

2023ko ediziorako, 26 proposamen aurkeztu dira eta, oraingo honetan, Miren Asiain ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatu dute epaimahaia. Hausnarketa, solasaldi eta eztabaida luzeen ondotik, hona hemen haien erabakia:

«Aurtengo edizioko lanak gogotsu eta ikusminez ikusi eta berrikusi, irakurri eta berrirakurri ondotik, esan beharra daukagu proposamen estetiko batzuk bene-benetan goraipatzeko gisakoak izan direla, jarraitu dugula gozatzen fantasiara eta errealitatera hurbiltzen gaituzten ilustrazioekin. Horrekin batera, zenbait argumentu literarioki ongi garatuak izan dira: sujerikortasuna, musikaltasuna, emozioa izan dute alde.

Dena dela, iruditu zaigu ez dela gertatu bi osagai horien arteko oreka, ez dela gauzatu aurreko edizioetan nabarmendutako bikaintasuna, horixe baita album baten espiritua, eta esentzia eta finezia: ilustrazioaren eta hitzaren arteko oreka eta dotorezia. Eta hain zuzen ere Etxepare sariaren espiritua bikaintasunaren bilaketan datza, betiere sortzaileen eta irakurleen alde.

Horrexegatik guztiagatik, bihozminez baina arduraz, erabaki behar izan dugu aurtengo saria hutsik uztea.

Album bat hegaldatzeko ehun hego baino gehiago dauzkan txoria dugu, eta aurten, zorigaitzez, hegomotz gertatu da. Baina, esan bezala, agian aukera dugu hegaldi berriak zabaltzeko, ikusmira berriak hedatzeko eta proposamen berritzaileak deskubritzeko, sortzaileen eta irakurleen alde betiere».

Hamasei urtean, lan ugari aurkeztu dira Etxepare sarira. Alde horretatik, antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete edizio honetan parte hartu duten sortzaile guztiei. Alabaina, album ilustratuen berezko ezaugarri baten falta nabari dute lan horietako askok: testuen eta irudien arteko elkarrekintza. Hala, bada, hemendik goiti entitate antolatzaileek erabakiko dute saria nola indartu eta nola zabaldu Etxepare sariak bultzatzen duen literatur genero kuttun eta ezinbesteko hau: ALBUM ILUSTRATUA.